Egin bat gurekin ekainean zehar izango den antolakuntza internazionalistan. Hau tokiko espazio eta kolektibo guztiei zuzendutako deialdia da;topaketak, ekintzak, jatordu komunitarioak, ospakizunak, dirua biltzeko ekitaldiak, martxak eta eroritakoen omenezko erritualak antola ditzaten.
Helburua Siriako eta Sudango iraultzaileen espazio komun berriak sortzen laguntzeko lotura internazionalista berriak sortzea eta gure baliabideak partekatzea da.
Mujawara: mugen gainetik auzotasun iraultzaile bat ehuntzen
Zerrenda batekin has gaitezke berriro. Arrisku, gerra, etendako matxinadak , iraultza osatugabeen zerrenda. Hildako guztien zerrenda, gure hildako guztiena.
Baina zertarako errepikatu berriro denok dakiguna, irakurtzen, ikusten eta sentitzen duguna? Mundua, beste behin ere, boteretsuen gutiziak suntsituta dago.
Orduan, nola jarraitu? Jende piloa ezagutu dugu,baita jauregi arpilatuak eta gure samurtasunaren indarra ere. Nola jarraitu ikararen eta ezintasunaren aurrean? Nola jarraitu iraultzaile izaten?
Zinikoak daude, «errealistak», beren ahultasunaren larritasunak itsututa, aukeratu egin behar dela esaten digutenak. Beren herriak sarraskitzen dituztenen eta munduari gerra deklaratuz hauen erorketa geldiarazi dezaketela uste dutenen artean aukeratzea.
Amore ematen dutenak edo itxaropena galtzen dutenak ere badaude. Nekatuak, etsipenak jotakoak. Baina egunen batean gure ondoan egon daitezke.
Eta gero gu gaude.
Gu, negar egiten dugunak, ahul sentitzen garenak, batzuetan zalantza egiten dugunak. Baina, aldi berean, niparrorratzik eta sugarrik galdu ez dugunak. Ez gureak mendekatzeko, ezta egunen batean egunsentiak liluratuko gaituen esperantzarik galdu ez dugunak.
Gu, gaur egungo txundiduran arrapatuta geratu beharrean, erresistitzen dutenen bila gabiltzanak alde guztietan. Gure matxinadetatik indar bat sortu dela gogoratzen dugulako. Eta adimenek ahazteko joera badute ere, gorputzek ez, hauek bai, gogoratzen dutela.
Guk, ikusten dugu indar hori oraindik bizirik, belaunaldi pirata batean taupadaka, jokoa ez dagoela galduta munduari ohiukatzen.
Indar hori da, hain zuzen, Nepalen gure lagunek egun argiz berriro leherrarazi dutena, sugarren artean batzarra desagerraraziz; Serbiako “plenumetan” ikusi dena, hilabeteak eta hilabeteak behetik matxinada antolatzen duten batzar erraldoi horiek; Tsahalen enegarren ebakuazio-aginduen ostean beren lurretan geratzen diren Libanoko herrietako biztanleek gorpuzten dutena, Palestinan bonbek suntsitutako laboreak behin eta berriz landatzen dituzten nekazariek bezala; Sudanen “Larrialdiei erantzuteko aretoetan” sumatzen dena, gerran sortuak iraultzaren erresistentzia-batzorde indartsuen lekukoa hartzeko, bai herrialdean, bai erbestean.
Indar hori dela eta, Myanmarko edo Chiapasko oihanean, Ukrainako lubakietan edo Rojhelateko mendietan tinko jarraitzen dute. Bera da Israel genozidari aurre egiteko itsasoratzen diren ontzi horien gainean mugitzen ikusten duguna. Hark bultzatzen ditu, azkenean, Irango, Minneapoliseko, Peruko, Indonesiako, Filipinetako, Marokoko edo Madagaskarko jendetzak beren herriak gorrotatzen dituzten erregimen horiek guztiek agindutako heriotzari behin eta berriz aurre egitera.
Bai, gure indarra benetakoa da. Jaioberria, osatu gabea, zatikatua, baina erreala.Eskuineko zein ezkerreko kontrairaultzaileek kontrakoa sinestarazi nahi badigute ere. Eta ez dago ez alderdi ezta salbatzaile gorenik ere indar hau gure ordez bateratuko duenik.
Beraz, guri dagokigu geure burua bilatzea, ezagutzea eta munduaren eta geure buruaren aurrean azaleratzea gure elkartzetik sor litekeen ahala.
Mujawara esaten diogu. Gure ahaleginak eta gure baliabideak bateratzea, gure garaiko erronkei aurre egiteko moduko soka luze eta sendoak elkartzea. Auzotasun iraultzailea, gure borroketatik sortutako lurralde, espazio eta botere herrikoi guzti horietatik eraikitzen hasi garena. Mujawara hau ez da eraikiko gure munduak jasaten duen asaldura bakoitzari buruzko hitz-jario eta komunikazio handiekin. Diskretuki eraikiko da, datozten iraultzen tuneletan.
Inauguratzeko eta mugak zeharkatuko dituen auzotasun hau ehuntzen hasteko, ekainean zehar, bost kontinenteetan, ekitaldi internazionalistak antolatuko ditugu, gure matxinaden aurretik edo ondorioz sortutako espazioetan, urte hauetan guztietan zailtasunak izan arren: auzo-kontseiluak, espazio autonomoak, gizarte-zentroak, harrera-etxeak, etxalde kolektiboak, liburu-denda autogestionatuak, kooperatibak.
Behar dugun auzo hau praktikan jartzea ahalbidetzen duen guztia, materialki zein sinbolikoki: topaketak, ekintzak, oturuntzak, festa handiak, diru-bilketak, martxak, erori direnen omenezko erritualak.
Ekainean zabalduko dugun elkarrekiko laguntza planetario horretatik, leku berriak sortuko dira, bide seguruagoak egingo dira, sabaiak konponduko dira, aliantza berriak ehunduko dira eta, horretatik guztitik, agian, zauriak sendatu eta itxaropen berriak sortzen hasiko dira.
Une hau etapa bat besterik ez da, baina erabakigarria:sustraitutako potentzia material baten eraikuntza motela eta irmoa, planetako lau bazterretan, gure indar jaioberriaren zatiak lotuko dituena.
Geografia desberdinen parte-hartzea:
Taipei, Mexiko Hiria, Nancy, Bekaa harana, Berlin, Txileko Santiago, Galloway, Paris/Montreuil, Damasko, Provenza, Limousin mendia, Bilbo, Donostia, Gasteiz.
tpw.mujawara@systemli.org




